guraso elkartea
guraso elkartea

Guraso Elkartea

Aiako Lardizabal eskolako Guraso Elkartea, 1970.go hamarkadan sortu zen, eskolako komunitatean, gurasoen ahotsa eskolako komunitatean izateko eta herri mailako ekintzetan eragile bat izateko helburuarekin.

Ordutik, urte asko pasa dira eta eskola bera ere asko aldatu da. Izan ere, 14 urte arteko eskaintza izatetik, gaur egun, 12 urte bitarterainoko ikasleak biltzen ditu, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako zikloetan.

Gaur egun, Guraso Elkarteak, eskola barruan honako zerbitzuak eskaini eta bultzatzen ditu: goizetako zaintza (gurasoek lana eta haurren zaintza uztartzea errazteko, eskola ireki aurretik eskaintzen den zaintza zerbitzua); irakasleekin elkarlanean psikomotrizitatea (haur hezkuntza) eta espresio tailerrak (LH1-LH2).

Eta eskola eremutik kanpo, herri mailan ekintza desberdinak antolatzen ditu herri giroa bultzatu asmoz (talo eguna, gaztain eguna, gabonetako jaiak, irteerak, San Joan bezperako jaia, herriko jaietako haur jolasak, etab).

Aipatutakoaz gain, Guraso Elkarteak, eskola komunitateko irakasle eta udaleko ordezkariekin harreman zuzena eta etengabekoa mantentzen du, hilean behineko Batzorde Iraunkorra eta urtean zehar ospatzen diren eskolako Organo Gorenaren bileretan, erabakietan parte hartuz.

Beraz bai eskolako komunitatean, baita herri mailan ere, era aktibo batean lan egiten du, herri giroa bultzatuz eta eragile desberdinekin lan eginez, beti ere, umeen eta gurasoen beharrak eta kezkak asetu eta konpontzeko helburuarekin.